XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

OZONO-ZULOAREN BARNEAN

Joserra Aizpurua

Hasieran Lurra masa gori bat zela pentsatzen bazen ere, Lurra osatzen duten materialen azterketak beste posibilitate batzuri ateak zabaldu dizkie.

Honela, Lurraren jatorria orain dela 4.600 milioi urte gertatu zela ezarri da.

Desgasifikazio baten eraginez sortu zen lehen geruza gaseosoa Lurraren inguruan.

Geruza honen osagaiak metanoa, amoniakoa, hidrogeno sulfuroa, nitrogenoa eta hidrogenoa izan ziren.

Baina eguzkiaren eraginez atmosfera primario hau desagertu egin zen eta elementu oxidatuak zituen beste geruza bat osatzen joan zen.

Gaur egun dugun atmosferaren antzekoa zen atmosfera hura, hau da, ur-lurruna, karbono (IV) oxidoa, nitrogenoa, sufre (IV) oxidoa eta gas nobleak zituen.

Lurrak zuen tenperaturagatik ur-lurruna likidotu egin zen eta itsaso zein ozeanoak sortu ziren.

Orain dela 1.800 milioi urteko mineralak analizatuz garai hartako airean oxigenoa zegoela baiezta daiteke.

Urteak igaro ahala oxigeno-maila handituz joan zen eta gaur eguneko kontzentrazioaren %1era iritsi zenean ozono-geruza sortzen hasi zen.

Honela, orain dela 250 milioi urte odol beroko animaliak sortu zirenean, garai hartako atmosferaren konposizioa gaur egun dagoenaren antzekoa zen.